Jose Antonio Uriarte

Jose Antonio Uriarte
Bizitza
JaiotzaArrigorriaga, 1812ko maiatzaren 28a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZarautz, 1869ko otsailaren 20a (56 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta itzultzailea
KidetzaAnaia Txikien Ordena

Literaturaren Zubitegia: 417

Jose Antonio Uriarte Adaro (Arrigorriaga, Bizkaia, 1812ko maiatzaren 28a - Zarautz, Gipuzkoa, 1869ko otsailaren 20a) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen.

Datu biografikoak

1829an frantziskotar sartu zen, 17 urterekin, Bermeoko komentuan. Bastidan (Araba) eta Bilbon egin zituen apaiz ikasketak. 1836an apaiz egin, eta 1839an lehen meza eman zuen.[1]

1840ean, Arrasaten zela, Espainiako Jaurlaritzak komentuetan bizi ziren apaizen exklaustrazioa agindu zuen,[2] desamortizazio prozesuarekin lotuta; orduan Uriarte Markinara joan zen bizitzera.[1] Lekeition ere urte batzuk eman zituen.[3]

1860an itzuli zen Bermeoko komentura. Hantxe Eusebio Maria Azkue olerkari lekeitiarra ezagutu zuen, bera baino urtebete gazteagoa, Bermeon eta Mundakan nautika irakasle zena.[1]

1869an hil zen, hemiplejiaz jota.[1]

Literatura

1850ean Marijaren illa edo Maijatzeco illa argitaratu zuen.

1856an, Bonaparte printzearekin elkarlanean hasi zen. Horrekin batera, bere inguruan herri-kantu eta bertsoak jasotzeari ekin zion; lana Markinan zela abiatu zuen, Joan Antonio Mogelen bertsoekin, eta bilketa lan horrekin hil arte jarraitu zuen, 1869ra arte alegia (bildumako azken olerkiak Eusebio Azkuerenak dira). Bitartean, hainbat egileren bertso sortak ere jaso zituen, hala nola Iturriaga, Zabala, Etxezarreta, Tomas Obieta, Juan Jose Mogel, Vitorio Ibaseta, Uriarte, Enbil, Domingo Larragan, Aita Meagher, karlisten kantuak, Marokoko gerrakoak, Juan Antonio Aboitizenak, Durangoko zilarginenak... Poesía Bascongada. Dialecto vizcaíno deritzon bilduma hau Arantzazuko santutegian dago, eta hainbat espezialistak kontsultatu izan dute urteetan zehar, atal solteak publikatuz; baina 1987ra arte ez da osorik argitaratu.[1]

1858an, Bonaparteren enkarguz, San Mateoren ebanjelioa itzuli zuen, Londresen argitaratu zena. Ondoren, Biblia osoaren gipuzkerazko itzulpena egiteko agindu zion printzeak, eta lehenengo hiru liburuak (Hasiera, Irteera, eta Lebitarrena) argitaratuak izan ziren Biblia edo Testamentu zar eta berria Aita Fray Jose Antonio de Uriartec latiñezco Vulgatatic lembicico aldiz Guipuzcoaco euscarara itzulia izenburupean 1859an, Duvoisinen itzulpenarekin aldi berean. Argitalpen osoa eten egin zen, ordea, nahiz eta Uriartek hamar urtetan lana bukatu zuen.

Uriarterenak dira halaber: Jesus Sacramentaduari eta Ama Doncella Mariari Visitac (1856), Iturriagaren Elkarrizketak (1857), Marija Jangoicuaren Amac bere vijotz santu eta garbico Cofradijan sarturik dagozanai iracatzi ta consejuac (1862).

Gutun trukaketa jakingarria gordetzen da Uriarteren eta Bonaparte printzearen artekoa. Alegia batzuk ere idatzi zituen Uriartek, Manterolak bere Cancionero-n bildu zituenak.

« A. Atzo irakatzi zeustan mantekia zelan egiten dan.

B. Bada gaur ikasiko dozu zelan egiten da gaztaia. Lelengo iraziten da ezne batu barrija. Gero botaten da kollara bete liar iru azunbre eznetara. Ondo nastau ezkiro, eukiten da bere epeltasunian. Onetarako inguratu leiteki, nai baldin bada, auts beroz. Gatzatu danian, itxiten da liortuko dan lekuban. Iminten bada bero samar daguan leku baten, sikatuten da lenago ta obatuago. Zenbat geijago sikatuten dan, ainbat obiagua izango da gaztaia. Ondo sikatu ez dan gaztaia, gazi antz egoten da. Ogeta lau ordu ezkiro, iminten da lasto edo zumitz ganian. Alan itxiten jako bost edo sei egunian, ondo sikatu dedin. Gero gazituten da alde batetik, botarik ontza bat gatz, gaztai libra bakotxagaitik. Gatz au guztiz urtu danian, gazituten da bardin beste aldetik. Gazituten dan artian, egon biar dau leku siku ta axetsuan. Zortzi egun daruazanian gazituten, garbituko da eskubagaz, ur zerbait beruagaz. Eskuba igaroko jako ganetik, azpitik eta albuetatik. Zortzi egunerik zortzi egunera egiten da auxe berau, larregi sikatuten bada gaztaia, edo asten bada lizunduten. Amabost edo ogei egun barru, artuten dau gaztaiak kolore orija. Sartuten da gero lapiko edo tina baten eta itxiten da upategijan. Ikusiko da zortzi egunerik zortzi egunera, lizunduten asi bada. Asi baldin bada, garbituko da len legez ur zerbait beruagaz. Eznia baldin bada batuba aldi bitan, ondo naustauko da. Eulijak imiñi ez dagijezan euren arrautzak gaztaian eta arrak egin ez ditezen, orra emen zer egiten daben leku askotan. Batzuk erretan ditube azurrak eta botaten deutse euren autsa.

A . Zeregin andija da ori, Basilio.

»
Dialogues Basques (1857), Jose Antonio Uriarte

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. a b c d e Uriarte, José Antonio de (O F. M. ). (L.G. 1987). Poesía bascongada : dialecto vizcaíno / José Antonio Uriarte ; Jon Kortazar, Miren Billelabeitiak prestatutako edizioa ; testuaren begiralea Joseba A. Lakarra. Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, ISBN 978-84-7752-000-9. (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  2. (Gaztelaniaz) CABALLERO, FERNANDO. (2010-10-25). ««Con la exclaustración desaparecieron la mitad de los 32 conventos palentinos»» El Norte de Castilla (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  3. Azkue, Resurreccion Maria. (1925). Morfologia Vasca. , 807-808 or..

Kanpo estekak

  • Jose Antonio Uriarte literaturaren zubitegian
Autoritate kontrola
  • Wd Datuak: Q12260591